Semillas Elosegui

Eva Villarrek sustatutako Exposición por cese – Itxiera-eraskusketa proiektuak zenbait esku-hartze artistiko eta erakusketa proposatzen ditu Donostiako saltoki txikietan; ateak ixtear dauden edo dagoeneko argiak itzali dituzten dendetan, alegia. Oroimena gidari hartuta, eta espazio berezi bezain ordezkaezin horiek aldarrikatuta, lan artistikoa kalera hurbiltzea proposatzen du Villarrek, erakusketa-kanonetatik atera eta zuzenean herritarrengana eramatea.

Itxiera-eraskusketa ekimenak tokiko historiari eta kulturari lotuta dauden “betiko” dendak omendu nahi ditu; eta, horrekin batera, kontsumoaren gizartea, indibidualismoa eta egungo bizitzeko moduak salatu. Hausnarketa kritikorako gune bat zabaltzeko asmoz, esku-hartze bakoitzean, beren lanarekin konprometituta dauden artisten lan-sorta bat erakutsiko da. Arte garaikideak gure kontzientziarengan eragiteko duen gaitasunari balioa eskaintzen dioten artistak izango dira guztiak.

Semillas Eloseguik, “Erremolatxaren dendak”, abenduaren 31n itxiko ditu ateak, 100 urte baino gehiagoko jarduerari esker, alde zaharraren eguneroko paisaiaren parte izan ondoren. Bretxako merkatuaren antzinako bizimoduari lotuta, eta baserritarren joan-etorrien lekuko, haziak, loreak, baratzeko produktuak eta lekaleak soltean saltzen zituen denda maitagarri hau hiriko nekazaritza-unibertso txikiaren elementu garrantzitsua izan da.

Ehun urtetik gorako saltokiaren omenez antolatu den Itxiera-eraskusketa honetan, Jon Cazenaveren, María Cuetoren eta Jaime de los Ríosen lana aurkeztuko dugu. Artista horiek naturarekin eta oroimenarekin era desberdinetan hitz egiten dute, inguruarekin adeitsuago jokatzeko moduak irudikatzen. Haziak (antzinako jakintza-ontzi txikiak, nekazariek eta baserritarrek mimo handiz hautatutako oroimen biokulturaleko kapsulak diren horiek) erakusketa-proposamenaren edukiak lotzen dituen metafora bihurtu dira oraingo honetan. Arteak, haziek bezala, sorkuntza-gaitasuna dauka; bizitzeko modu berriak eta gizartea eraldatzeko prozesuak sortzeko gai da.

Performantzea Myriam Perez Cazabon eta Leire Otamendi.

Prentsa:
Teleberri, Semillas Elosegui 12.12.2019  LINK
Diario Vasco, Arte para la tienda de la remolacha  LINK
Noticias de Gipuzkoa, Un baile para despedir a Semillas Elosegui  PDF

Ur aitz (2016-2017)_Jon Cazenave.

Jon Cazenavek (Donostia, 1978) argazki-lengoaia ezberdinak lantzen ditu, eta urteak daramatza zianotipiarekin esperimentatzen. Kameraren bitartekaritzarik gabe argazkiak inprimatzeko lehen tekniketako bat da zianotipia. Papera disoluzio kimiko batekin bustitzen da, eta gai horren osagai ferrosoak urdindu egiten dira izpi ultramoreekin kontaktuan. Eguzki-argiarekiko esposizioak irauten duen bitartean paper gainean objektuak edo substantziak jarriz gero, arrastoak, markak nahiz irudiak sortzen dira; eta, ur-bainu soil bati esker, irudi horiek paperean finkatuta geratzen dira; errebelatuta, alegia.

2016an, Cazenavek European Eyes on Japan proiektuan parte hartu zuen, eta bertan mota guztietako landare-paperak ezagutu zituen, instalazio honetan erabili duen kozo-zuntzezko washia kasu. Japonian hasi zen, halaber, zianotipia lantzen; eta, hortik abiatuta, argiarekin, urarekin eta itsasoko olatuen mugimenduarekin elkarrizketa sortzaile, intimo eta meditatiboan murgildu zen. Papera hondartzaren ertzean jarrita, Cazenavek olatuen eta hondarraren joan-etorriei utzi die sorkuntzalana egiten; argiarekin harremanetan, irudi bat, sedimentu bat sortzen. Arlo sinbolikoarekiko, lurrarekiko eta antzinako elementuekiko interesa islatzen da lan honetan, eta naturari berari uzten zaio formen eta testuren sortzaile bihurtzen, bere indarra eta bilakaera anarkiko bezain gorabeheratsua adierazten.

Haziek ernetzea aktibatzen dute urarekin eta beroarekin kontaktuan; eta ondoren, kimuak eguzkitan jartzen dituzte. Ur Aitz lanean, itsasoko ura eta eguzkiaren argia elkartzen direnean irudi abstraktu eta organikoak sortzen dira, eta irudi horiek, landareek bezala, materiaren oinarrizko mugimenduaren oroimena gordetzen dute.

Jon Cazenaveren lana zenbait erakunde publiko nahiz pribatutan erakutsi da: Canal de Isabel II Aretoa (Espainia), CaixaForum (Espainia), Jorge Oteiza Museo Fundazioa (Espainia), Guangdong Museum of Art (Txina), Museum Belvédère (Herbehereak), Fotomuseum Antwerp (Belgika). Cazenavek nazioarteko hainbat ekitalditan parte hartu du: les Rencontres de la Photographie d’Arles (Frantzia), Noorderlicht Photofestival (Herbehereak), Guangzhou Image Triennial (Txina), BIENALSUR (Argentina), Photoespaña (Espainia). Bestalde, FotoPres La Caixa, descubrimientos Photoespaña, Tokyo International Photography Award, PDN Student Award eta Voies Off Arles-en aitortza jaso du. 2019an, Thyssen-Bornemisza Museo Nazionalean “Balenciaga y la pintura española” erakusketaren katalogorako argazkiak egiteaz eta zuzentzeaz arduratu da.

Informazio gehiago: joncazenave.com

Constelación 2009_ MARÍA CUETO.

María Cueto (Avilés, 1960) Diseinu Grafikoan lizentziaduna da, eta zenbait teknikatan trebatu da, bere kabuz, Arteleku bezalako zentroetan, eta ehungintza esparruko artistekin batera hainbat tailerretan parte hartuta. Obra hau bere azken lanaren –Constelaciones vegetales– parte da: haziekin, petaloekin eta osagai begetalekin egindako eskultura sorta bat, hari ikusezinen bidez airean ehundua eta zintzilikatua.

Maria Cuetok konstelazio mugikor, arin eta sentikorrak sortu ditu. Horretarako, sakabanatutako landare-osagaiak bildu eta ehundu ditu, ordena geometriko eta harmonikoa bilatuz, sortutako bilbe ikusezina naturaren arimara hurbiltzea helburu. Forma geometrikoak eta elementu begetalak kontrajarriz, Cuetok modu delikatu bezain zehatzean esploratu ditu mundu organikoaren espazioa eta itxura kaotikoa. Haziek, partikula begetal horiek, izarrek unibertsoan duten lekua hartzen dute hemen. Eta, irudizko lerroen bidez elkarri lotuta, ordena naturala deszifratzen saiatzen den testu-irudi bat osatzen dute.

Konstelazio hauek zelulen munduko formak eta naturako elementu guztien interkonexioa ere iradokitzen dute. Aireak zeharkatzea eta nahastea ahalbidetzen dute, bibrazioak, talkak eta dantzak eraginez. Modu horretan euren forma eta bolumena aldatu ondoren, jatorrizko posiziora itzultzen dira azkenik. Cuetok organismo bizi baten mugimendua erreproduzitzen duela dirudi, denboraren eta bizitzaren konposizioan arakatuz, ordena eta desordena dakarren entropian barneratuz.

María Cuetoren erakusketen artean, azpimarragarriak dira honako lekuotan egindakoak: Antón de Candás Museoa, Tolosako Aranburu Jauregia, Iruñeko Ziudadelako Mistoen Pabiloia, Gijóngo Jovellanos Institutua, Donostiako Aiete Kultur Etxea, Irungo Menchu Gal Aretoa.

Honako hauek dira Cuetoren instalaziorik ospetsuenak: Árbol de Sueños, Gijóngo Barjola Museoko Kaperan (2004), Gaia, Iruñeko Ziudadelako Labean (2006), Morada del Aire, INEren Madrilgo eraikinean (2007), Blanco umbral de silencio y aire, Oviedoko Guillermina Caicoya Galerian (2012), PAISAIAREN MURMURIOAN; Cuando el paisaje habla, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean (2015).

Informazio gehiago: mariacueto.com

A sourceful of a memories_ Jaime de los Ríos.

Jaime de los Ríosek (Donostia, 1982) artearen eta sistemikaren arteko elkargunean lan egiten du, eta arreta berezia eskaintzen die adimen kolektiboaren kontzeptura garamatzaten berezko mekanismoei, erritmo zein molde naturalei. Software eta hardware librean aditua da, eta bere jarduna gizakiaren nahien eta hizkuntza teknologikoaren oinarri politikoaren artean dagoen espazioan kokatzen da. Portaera naturalaren eta lengoaia konputazionalaren arteko lotura azaltzen du.

A sourceful of memories lanean, De los Ríosek oroimenari eta oroitzapenen poetikari buruz-ko kontakizun intimo bat eraiki du, horretarako eszenatokiak, objektuak eta eguneroko elementuak birtualizatzen dituen teknika pertsonala erabiliz. Bideo mapping-aren oso bestelako prozedura honek geruza digital bat proiektatzen du objektuen gainean, eta horrela, argiaren bidez, beste leku eta garai batzuetara eramaten gaitu, infinituaren zatien bidez iragana gogora ekarriz.

Eremu digitalak elementu materialen eta tradizionalen gainean eragin duen kolonizazioaren metafora gisa kokatzen da obra hau. Auzoko saltokiak objektu ukigarriz beteta daude. Ikusi, ukitu, dastatu eta aurkitu egin daitezke. Baina, gero eta gehiago, merkataritza birtualak trukea gertatzen den espazioa eta denborak ahaztarazten dizkigu, kontsumoaren esperientzia mugatzen. Semillas Elosegui dendako objektu errealak elementu birtualekin aldera-
tzean, A sourceful of memories lanak hausnaketa bat proposatzen digu: birtualitateak, eta hori arautzen duten algoritmoek, zenbateraino eraldatzen duten errealitatea bizitzeko modua; eta, ondorioz, baita oroitzapenak eratzekoa ere.

Jaime de los Ríos Arteklab; Art&Science laboratorio irekiaren sortzailea da; eta, nazioarte mailan, artearen eta teknologiaren arteko hibridazio proiektu ugariren zuzendaria. Arte-zentro ospetsuotan erakutsi du bere lana: Victoria & Albert Museum (Londres), Los Angeles Center for Digital Art (Los Angeles),

MUSAC (León); baita Atenas, New York, Wroclaw, Paris, Tallin eta Bartzelona hirietan ere. Egun, bere LVESM lanaz goza daiteke Taipeiko Dong Galleryn (Taiwan), 95 metroko pantaila monumental batean.

Informazio gehiago: arteklab.org

Marka handiak eta merkataritza-kateak bertako dendak desagerrarazten ari dira, iragana eta ezagutza partekatua suntsitzen. Nekazaritza-elikagaien industria handiek ere hala jokatzen duten: hazi estandarizatuak sortzen dituzte, genetikoki eraldatuak eta ugaltzeko gai ez direnak. Ondorioz, hazi horiek landatu nahi dituenak, berriak erosi behar ditu urtero. Bizitzaren oinarrizko zikloan eta oroimenaren transmisioan jada parte hartzen ez duten hazi antzu horiek merkatu globalean merkaturatzeko produktu soil bihurtzen dira, ekosistemarekiko lotura etenda. Ekintza artistikoa bizitza desagerraraziko duten prozesu horiei aurre egiteko modu bat dela uste dugu guk, eta Semillas Elosegui bezala oroimenez beteta dauden espazioek irudimena lantzera eta ahaztutako istorioak berreskuratzera gonbidatzen gaituztela, horien bitartez kontsumoaren azkartasunean eta ahanzturaren berehalakotasunean oinarrituko ez diren bizimoduak eraiki ahal izateko.

Hemen aurkezten diren lanek denborari, memoriari eta naturaren formei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituzte, sentiberatasun artistiko eta sortzaile batetik abiatuta, kontsumoari eta ustiapenari lotutako logikatik at. Cazenaveren, Cuetoren eta De los Ríosen lanak harremanak erakusten eta kodeak deszifratzen saiatzen dira, horiek bizitzaren erritmoak gogora ekarriko dizkigutelakoan, eta bizi gaituen oroimena sortzeko eta transmititzeko inspirazio-iturri izango direlakoan. Arteak, haziek bezala, leku egoki bat bilatzen du berriz ernetzeko eta hazteko, oroitzapenaren eta harreman-konstelazioen poetikak asmatuz eta birsortuz.